XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erakusketak, milaka bisitari bildu ditu dagoeneko
Euskal-Hitzek Mitxelenaren omenezko atala ireki Durangon.

Jende ugari inguratu da egunotan, Liburu eta Disko Azokarekin batera joan den astean Durangon zabaldu zen Euskal Hitz erakusketa ibiltarira.

Erakusketak, Koldo Mitxelenaren bizitza, pentsamoldea eta obra isladatzen duen atal berria bildu du Durangon, aurrerantzean Euskal Hitzekin batera ibiliko den atala, hain zuzen.

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntz-Politikarako Idazkaritzak antolatutako erakusketa hau, joan den ostiralean zabaldu zen Durangoko San Agustin elizan.

Zabaltze-ekitaldi ofizialean, Hizkuntz-Politikarako idazkari nagusia den Mari Karmen Garmendia bertaratu zen, baita Bizkaiko Aldundiko Kultur diputatua Tomas Uribeetxebarria eta Gobernuko Kultur sailburuordea, Iñaki Zarraoa.

Euskal Hitz, hile honetako 13rarte egongo da irekita Durangon.

Izan ere, bertan eman zaio hasiera, hemendik aurrera erakusketaren adar bat izango den Koldo Mitxelenaren omenezko sail antologikoari.

Euskal Hitzen barnean kokatzen den aipatu sail berrian, Errenterian jaiotako linguistaren obra, bizitza eta pentsamoldea agertarazten dira, orohar, panel batean.

Durangaldeko zenbait ikastola eta ikastetxetako ikasle eta irakasleak hurbiltzen ari dira egunotan, bestalde, erakusketaren berri jaso eta haren helburuak zertan datzaten eskuratu asmoz.

Euskal Hitz erakusketan, Durangoko Astarloa Kultur Elkartea izan da Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntz-Politikaren laguntzaile eta talde horrek hartu du bere gain, hain zuzen, ezarpen, mantenu eta garbiketa gastuen ardura.

Durangoko Udalak, era berean, San Agustin Eliza utzi du xede honetarako eta erakusketa ezarri ahal izateko beharrezkoak izan diren material guztia eskaini du.

Durango izan da Euskal Hitz ezarri den, hiriburu ez den lehenengo udala.

Dena dela, aurrerantzean, zirkuito ibiltari baten barnean kokatuko da erakusketa, udalen eskakizunen arabera.

Koldo Mitxelenaren omenezko atal berria zabaldu du Durangon Euskal Hitzek.

Yolanda Ruiz Durango.